Donostiar hauek lortu dute ekinez eta eginez Skakeitan aditz bihurtu eta ska-ren bitartez modu ludikoan egunerokotasunetik deskonektatzea. Horretarako lana gogor egin dute eta egiaztatu dute, saiatuz gero, emaitza onak lor daitezkeela. Hala, 16-17 urterekin, talde klasiko eta Big Bandetan aritzen ziren zortzi lagun proba egiteko elkartu eta maketa ugari saltzeaz gain, dagoeneko Gipuzkoako eta Bizkaiko plaza gutxi dira bisitatu gabe dituztenak. Partaideak gazteak badira ere, musika kultura aberatsa dute, estilo askotara zabalik daude eta gauzak oso argi dituzte. Ez dute beraien burua ohiko ska-rock taldeko kide gisa ikusten, eta nahiz eta ska estiloak txoratuta dituela onartu –ezinbesteko osagaia da beraientzat-, berau reggae, rap, punk, rock, latino, dub eta bestelakoekin ezkontzen jakin dute. Diskoa krisiak marjinatutako guztioi zuzenduta dago; eta horren aurrean nahi dute pertsona guztiak subjetu eta gizarte eraikitzaile bihurtu. Mano Negraren estiloko pattantchak ematen dio hasierako eztanda lanari eta haizezko instrumentuen txinpartak lagunduta punk-rockaren abiadura hartzen du melodiak. Bada, baita ere, rocketik haratago, hip-hop, raggamuffi, cumbia eta cha-cha-cha hautatutako kanturik ere, edo Mikel Laboa gitarra funkyekin bertsionatzerik ere. Bestalde, taldekideek argi dute Euskal Herrian asko dagoela errebindikatzeko eta salatzeko; eta ska eta punk musika batuta emaitza itsaskor eta eraginkorrak lortu daitezkeela. Izan ere, musikak mezuak zabaltzeko oraindik duen indarrean zintzo sinisten dute. Taldekide ia guztiak Piratak dira joeraz eta bihotzez, eta Donostiako jaiak herrikoiagoak bihurtzen ari dituen abordaje-iraultzaren omenezko kantua idatzi izan dute, hemen ere jasota dagoena. Horrez gain, emakumeen kontrako indarkeriari salaketa, espetxeetara indar-hauspoa, oztopoen aurrean pausoak irmo ematea, etorkinen patu bakarti eta anonimoa ere presente daude beraien kantuetan.