Zer da lehenengo, tximinoa, gizakia ala gitarra? Ez al du gizakiak tximinoarena gero eta gehiago egiten? Rock-and-rolla tximinoarena egitea da? Gizakiaren eboluzioa hobera bidean doa? Punk-rocka iragana da, bere sasoi apurtzailea pasa zuena eta gaur egun inor asaldatzen ez duena? Guztia ziklikoa bada, ze puntutan gaude orain? Atzera edo aurrera begira? Galdera gehiegi dira horiek, eta Sermond´s taldekoek ez digute erantzunik eman nahi. Darwinen eboluzioaren oinarriak hankaz gora jarri dituen taldea Elorriokoa da; eta aurretik Dirties, Arto Bixarra, Midnight Murders eta Perros del Diablo proiektutan ibili baziren ere, honako hau bigarren diskoa da, 2009an kaleratutako “Azken bala”-ri munizio gehiago eta mingarriagoa gehitzen diona. Jakina da azken hamarkadan Euskal Herrian Eskandinabiako eta AEBetako punk-rock gitarreroarekiko atxikimendu nabaria egon dela, baina gerora ez dira asko izan doinu horiek kalkotik kanpo sinesgarritasunez landu dituztenak. Hala, Sermond´s salbuespena da. Punk-rock indartsua, erritmo sendokoa eta melodiak ondo landutakoak egiten dituzte. Beso azpian Hellacopters eta TRBNGRen “Apocalypse dudes” tatuatuta dituztela igartzen da, baina gitarren tratamendu irudimentsuan gehiago dute high-energy sentikorreko totem Sonic Rendezvous Band zein Sewergroovetik. Punch handiko kantuak dira, aipatutakoez gain, entzuleok instant batean Ramones-en bat-batekotasunetik, 77-ko punk-era zein The Hot Dogs!-en “The Powerhouse”-ren urgentziara eramateko gai direnak. Herri honetan benetako irratirik balego, “Irentsi “ eta “Clap your hands” derrigorrezko ikasgaiak izan beharko lirateke. Ingelesa eta euskara tartekatuta –eta batzutan nahastuta- Jon Anzaren desagerpena eta azpiegitura suntsitzaileak salatzeaz gain, pose eta topiko rockero probokatzaileak bere gain hartu (“Emakumeak pilatzen zaizkit, emakume larregi bizitza bakarrerako”), eta ahots karraspeatu indartsuz eta desparpajoz abestuz, kontzertu bakoitza ikuskizun bihurtzen dute. Iker Barandiaran.