Keu Agirretxea Ondarroako musikari beteranoa ezin da musika gabe bizi. Bere ibilbidean jorratutako guztia lerrotan jasotzea ia ezinezkoa da: Psychophony, Zain, Etsaiak, Fjord, Keu, Uek, Governors, Fignuh Experience… Azken urteotan ere gelditu gabe dabil; 2011n ‘Denbora Vs. Kantuak’ lan bikoitza kaleratu zuenetik Governors taldearekin zuzenekoak egiteaz gain, ‘Gazta zati bat’-en soinu bandan lanean ibili da eta, baita ere, Fignuh Experience zein Keu Agirretxea moduan kontzertu akustikoak egiten. Hori guztia familia eta lanarekin batera uztartu, eta sasi guztien gainetik eta hodei guztien azpitik abestiak idatzi, sonoritatez mimatu eta etxean grabatzeko tartea hartu du. Paradoxikoki halako denbora eta eginbeharren presiopean egindako disko hau da, ene ustetan, lortu duen borobilena eta jantziena. Keu-k berak etxean grabatuta eta Madrilgo Audiomatic Recordsen Jose M. Rosillok masterizatua. Jakina da Keu Agirretxearen kantuak bakarrik defendatzen direla, hain dira biluziak eta benetazkoak, baina lan honetan, inoiz baino gehiago, ñabardura prezisoak gehitu dituzte Keuk eta bidailagunek kantuak eskatutako tamaina justuan, ez gehiago. Keuk dagoeneko menderatzen duen slide gitarrak sakontasun eta goxotasun handiagoa eman die kantu batzuei, folk amerikarraren eta countryaren koordenadetatik hurbil (‘Bakoitzean’, ‘Olatu bakoitzeko’…). Gainera, bidelagunei esker, are eta urrunago bidaiatuko dute kantuek eta entzuleok: Xabi Solanoren programazioek lagunduta, ‘Inork ez digu esaten’ mestizaia giroetara hel daiteke; Esteban Valcarcelen tronpetak Kubako izpiritua zabaltzen du ‘Bi izan’ kantuan, Eneko Mobydick-en parte-hartzearekin –ahotsean- diskoko kantu ederrenetarikoa bilakatuz. Haratago joanda, Isusko Ramonen saxoarekin ‘Inperfektu eta hauskor’ bossa-nova eta karibear eremuetara eraman dute; eta akaso Carlos Noainen sintetizadoreek izango dute errua ‘Indar galaktikoa’ intrigantea soinu banda baterako aproposa izateko. Bada besterik eta tartean, nola ez, antzinatik proiektu ugaritan alboan duen Mikel Arakistain baxu jotzaile fina. Hitzak ere ederrak, hutsunea, oroimenak eta elkartasuna (‘Zubian’) tarteko, Keu-ren eta honako beste sinaduren eskutik: Leire Bilbao, Mikel Etxaburu, Eneko Garmendia, Aiert Goenaga eta Mikel Etxaburu. Iker Barandiaran.