Bideari esker lortzen da emaitza, bideak egiten du etorriko dena, eta biderik gabe ez dago aurrera egiterik. Bidea egitetik eta bideari buruz asko dakite Eratu taldea osatzen duten Ondarroa, Gasteiz eta Aguraingo hiru kideek; errepidean egin behar izaten dute denbora asko eta kantu askoren hazia bidean doa ernaltzen. Bakoitzak bere joan-etorrian, bere jatorri musikal eta sortzailetik abiatuta sortzen dihardu; hala izan da beti, Eratu~ asko daukalako estilo apurketa eta batuketatik, eta hirugarren disko honetan ere are eta gehiago nabarmendu da joera hori. Oinarriak, baina, ez dira aldatu. Metal pisutsuak jartzen dizkie kantuei oinak, gogor, lurrean; punk-pop-aren bizitasun, energia eta abiadurak gaztetu egiten ditu kantuok, betikotuz; eta rockak zentzu zabalenean ikuspegi klasikotik esperimentalagoetara bidea egiteko pretexto aproposa eskaintzen die. Euskaraz abestutako 11 kantu berriotan nabaria da taldekideak musikazale amorratuak direla eta kantuei are eta ñabardura gehien gehitzeko gaitasuna soberan dutela. Izan ere, hazi egin dira instrumentari gisa eta etekin aparta ateratzen diote hirukotea izateari. 'Heldu nazazu', 'Ereduak eredu'. 'Taupadak' eta 'Ireki begiak' kantuek asko dute metal irmoa eta ondo landutako punk-popa ezkontzeko aipatutako abilezia horretatik eta, nolabait, taldearen marka dira. 'Paradisua?', berriz, are eta poperoagoa da eta oso dotorea, eta gainera, abestera'ko orduan bertako mainstream-eko crooner batzuei inbidiarik ez dio; 'Planak eta planoak' eta 'Astindu' piezek hurrenez hurren 77ko melodiei eta erritmo dantzagarriagoei egiten diete keinu. Baina, horietaz gain, metala, rapa eta -zergatik ez- RATM behar den bezala erribidinkatzeko 'Eslogan gehienei falta zaie praktika' erraldoia gauzatu dute Glaukoma taldeko Juantxorekin batera; 'Pentsatu, erabaki, hartu' melodia eta indarraren arteko pieza orekatuan Fer Apoaren ekarpenarekin bat egin dute; eta Kuraiaren arrastoa 'Berdinak Vs. Desberdinak' irudimentsuan txertatu ahal izan dute, besteak beste. Ha ezin dugu ahaztu Keu gitarra jotzaile handiak ere hainbat kantutan parte hartu duela. Ez eten bidea!