Elorrioko taldea boskotetik laukote izatera pasa da eta lan berriarekin dator, inoiz baino pentsakorrago gainera, aldaketa esanguratsua erakutsiz. Aurreko ‘Amaiera hasieran dator’ diskoaren tximinotik haratago, gizakiari eta garapenari buruzko galdera potoloak botatzen dizkigute euskaraz idatzitako sei kantuetan, gizakiaren eta munduaren norabideaz nazkatuta daudelako: “Gizakiak nahi du izatea kontrolatu, artistak nahi du animalia izan”, ondorioztatu eta berehalako aukeraketa egiten dute. Horregatik animaliek eta Black Sabbathek egingo luketen bezala ahalegindu dira doinu barren-barrenekoak bere egiten, stonerra alegia. Riff barnerakoiak landu dituzte eta horiek ohiko duten hard-rock-and-rollera gehitu. Bestalde, ahotsa leundu eta neurri batean lelo itsaskorragoak idatzi badituzte ere, Eskandinabiako haizearekin dituzten melena apurrak mugitzeko parada hartu dute, eta baita tarteka sonoritateekin esperimentatzeko ere. Lan hau Tolosako Bonberenea estudioan, Moinen etxean eta entsegu lokalean grabatua izan da. Grabaketa eta nahasketak Karlos Osinagak egin ditu. Masterizazioa Jonan Ordorikak.