Alde bakarreko su-etena eman eta batzuek bake-prozesuaren alde borrokan dabiltzanetik ez dugu Elorrio aldeko rockero matxino hauen berririk izan, isil antzean ibili dira. ‘Zoru etiko’ delako horretan geldituko ziren? Ez ba! Disko berriak ‘Borrokak darrai’ izenburua dauka, zoruan itsatsita egon nahi dutenen ‘mitxelinak’ kolpetik uxatuta. Su-etenak, alde bakarreko borrokak, beste aldearen jazarpenak, krisiak, krisiaz baliatuta egiten diren gehiegikeriak, munduko borrokak… Horiek guztiak oso presente dituzte taldekideek eta ahalegin guztia egingo dute salatzeko. Hitzak zuzenak dira oso, tinko uzten zaituztetenak eta inork gutxik bezala auto-zentsurarik ez dutenak, ausartak erabat. Are gehiago, zuzenak baina aldi berean landuak dira. Izan ere, matxinoek ez dituzte lanak erdizpurdi egiten, asko dago-eta jokoan. ‘Zoruak’ protagonismoa hartu nahi izan duen garaietan taldea serio ibili da kantu berriak prestatzen eta halakoa da emaitza, oso jantzia. Oraingoan ere punk-rock melodikoa da nagusi; punk-Oi!-ak emozio sinesgarria batzeko duen abileziari ere eutsi diote; eta Eskandinabiako azken pirata matxinoek eraikitako gitarren punk-rock-and-roll ia hard-rockeroa ere heredatu dute. Baina bada gehiago: melodiak askoz gehiago findu dituzte eta abestiak kantuago egin, iraupenari eta musika estiloei erreparatu gabe. Horra hor, esaterako, gaur egungo irratietan arrakasta itzela izango zuten ‘Ahanzturaren zaindari’ eta ‘Itzultzea’; baina lasai, hedabideen adierazpen askatasun eza ezagututa ez da hori beteko. Bestalde, amorrua husteko halako premia dugun garai hauetan opari pozoinduak dira ‘Araña’, ‘Fucking Spain’ eta ‘Nazka, adrenalina hutsa, langile, gazte zein zapalduta dagoen edozeinentzat gasolina. Eta ezin aipatu gabe utzi gorputza tinko eta bihotza dir-dir jartzen digun ‘Izenez eta izanez’ kantu ia biluzi bezain martziala, Irlandako errepublikarrek bidean galdutakoei egin ohi dieten pareko omenezko kanta Arkaitz Bellon herrikide eta lagunari. Ezin ahaztu, ezta ere, Kolonbiako FARC-EPri abestutako babes hunkigarria (‘Orgullo fariano’). Musika konposizioan heldu egin da taldea, eta jarrera zein konbikzioak are eta gogorragoak dira, tinkoagoak. Zer hobetu da ba garaiotan? Horregatik dira gero eta gehiago iheskideak. Borrokaren orain arteko azken kapituluan honako bidelagunak izan dituzte: Beñat (Ken 7), Amets Arzallus, ‘Txuriya’ iheslari politikoa, Juanra (Kop) eta Jurdan Martitegi euskal preso politikoa. Gerla beti!