2012ko 12aren 12a, Erromako Aitasantua mundura twitter bidez zuzendu zen eguna, albiste izan zen haren sasikumeek –Bilbokoak, nongoak bestela?- ostia txarreko 13 kantu gordin eta azeleratu oka egin zituztelako. Muturreko ustelkeria, esplotazioa, eskubide guztien zapalketa, mixeria, etxe-kaleratze eta elkarri zapaltzen diogun garai latz hauetan, musika taldeetako askok politikoki zuzenak izaten jarraitzen dute. Bilboko talde honek, ordea, ez du bolbora asmatu, baina zalantzarik gabe berau –bolbora- ahalik eta gehien erabiltzen du, munizio nahikoa lortzen ez badu ere. Anarko, Zer Bizio!, Pilt eta beste proiektu batzuetan alperrik galdutako musikari zailduek osatzen dute Rat-Zinger eta jakin badakite ez direla hemen denbora luzez izango; horregatik gu geu aurretik eramaten saiatuko dira. Hala bizi dira eta hala abesten dute estraineko diskoa erraz gainditu duen lan berri honetan. Ander Sarabiaren azaleko marrazkiak ez du bromarik onartzen eta munduaren usteltze maila aurpegira jaurti digu. Horrela, kale zulotik abiatuta, disko honen helburua da galtzaileen ispilu apurtua izatea, horien artean yonkee, emagaldu eta sasilapurrena. Izan ere, disko hau da aspaldian Euskal Herrian erditu den eta lepora zuzen eraso egiten duen lan sukoiena. Musikari dagokionez, potentzia handiko punk-rock gitarreroa egiten dute, Motörhead gogora ekartzen duena, eta bere gain gitarra zorrotzak zein erritmo biziko punk-hardcorea –bonbo bikoitz eta guzti- batzen ditu hastapenetako S.A. gogoratu eta gaindituz. Hala ere, egia da kantu pausatuenetan Señor No inspiratuenen zein Quemando Ruedas-en rock callejero eta hard-rock ukituak ere badituztela. Disko honetako ia edozein kanta nabarmendu daiteke, baina aukera aproposa da laukote sasikumeak rock-and-rolla nola ulertzen duen azaltzen duen ‘Balas y ruido’. Rat-Zinger ez da punk-rocka, ez da hardcorea, ez da hardrocka, ez da metala… Hori guztia da eta baita ere boterean dagoena suntsitu edo saiakeran hiltzeko prest dagoen irmotasunez gauzatutako asmo-aitorpen gordina.