Bizitzak eta nabigatzeak bezalaxe, musikak ere asko dauka lemari ondo heldu eta norberaren bidaia gidatzeko apustu irmoa egiteaz. Honetaz asko dakite lekeittiar hauek. Inguruak esaten dizunaren kontrara eta dotorezia zein itxurakerian jausi gabe, mapak desegin eta norberaren bide propioa marrazteaz. Hala, foko eta konplazentziatik ihesi, zanak estututa, emozioak askatuta eta lagunartean kantatzeak ematen duen kolektiboaren parte izateak asetzen du McOnak. Ez diote bizitzari ezer gehiago eskatuko, ezta lapurtuko. Jaso dute aingura Lekeittioko marinelek, eztarriak eta barrenak ondo berotuta, galarrena alde dutela. Lotzen dituen lurrik ez dago, itsaso berriak ikusteko jaioak dira eta aurrera egiten dute beti ausartki, ontzia hondoratuko duen tenporala -egon badago- heldu artean. Folkak elikatzen ditu, berau da beraien esentzia eta hark ematen die konpainia eta adorea gudarako, ahanzturarako eta ospakizunerako. Kostaldetik milia askotara, ontzi baten upelategian, kantua da lagun bakarra, fidelena. Sentimenduan hurbil dago Irlandako malenkonia, The Pogues-en lotsagabekeria, banjoaren laguntzarekin gureganatutako country arrastoa,edozein pena azaleratzeko instrumentu aproposa den akordeoia, gaztaroko lehen mozkorretatik presente daukagun euskal rock amorratua, estiloz harago edonor blaitzen duen The Clash eta tarteka parranda gogoa. Halakoa da McOnak-en norabide bakarreko bidaia, atzera bueltarik ez daukana.