The Friday's Crew taldea Azpeitiako bost musikazale amorratuk osatu zuten 200Sean. Horietako batzuk musika taldeetan ibiliak ziren (Seme Putiek, Patadazo, Korrosion Cerebral. .. ), eta inongo helbururik gabe ostiraletan Zubizarreko musika lokaletan elkartzea erabaki zuten. Buruan zuten helburu bakarra -beraien topagune zen Txarrantxa tabernan jotzea- betetzeaz gain, bestelakoak etorri ziren bata bestearen atzean: 'Azpeitia desegin' bildumarako kanta bat grabatzea, Bardulia ekimenerako beste bat, han eta hemen kontzertuak egitea ... Inertzia horri jarraituta eta zaleen bultzadari esker 2008an 'The Fridays crew' diskoa argitaratu zuten, Euskal Herriko punk eta Oi! estiloen zaleen onespena jaso zuena. Gerora, zurrunbilo horretan sartuta, 2011n 'Pentsatu iratzarri zure kontzientzia' diskoa kaleratu zuten; honek ere harrera ona izan zuen. Baina horren ostean atsedenaldi bat hartzea erabaki zuten eta taldean hainbat aldaketa izan dituzte. Bueltan da orain taldea, indartuta, helduta eta gogo biziz. Gipuzkoan halako zeresana izan duen punk-Oi! eszenak jarraitzaileak baditu, baina talde iraunkor gutxi, eta The Friday' s Crew da gutxi horietako bato Salbu gaude, hortaz. 'Beti elkarrekin' eta 'Hemen gara' kantuek punk-Oi!aren patroi guztiak betetzen dituztelakoan nago: lagunen garrantziari abesten diote, punkaren indarra daukate, baina nostalgia pisu nabarmena duen melodia beti presente, bi ahotsek abestuta eta koroek lagunduta gainera. Eta nabarmentzekoa da gitarraren lana -baita beste kantuetan ere-, Red Alert gogora ekartzen diguna. Desagertutako Txarrantxa omentzen duen izen bereko kantua ere Oi!-ean kokatu dezakegu, tarte akustikoak ere badituena. Bestela, gainontzeko kantuek asko dute punk eta punk-rocketik: 'Eromenaren soka' azkarra eta zuzena da eta nonbait Kañeria 13 zein Heriotzarekin topa egiteko modukoa; 'Gutun bat'-en Commando 9mm-en tankerako punk melodiko azkarra lortu dute; 'Homofobiaren aurka' eta Gabriel Arestiren 'Nire aitaren etxea' punk-rockeroak dira erabat. 'Hezur da azal', berriz, hardrockeroa da oinarrietatik, aurreiritziak alboratuta; eta 'Zure beharra' Kuraiaren pareko riff barnerakoiak dituen punk-rock abesti irmoa, garratza eta zuzena.