Arrasateko taldearen izenak eraman gaitzake pentsatzera 80ko hamarkadan berezkoa zen, baina testuinguru zehatz horretatik kanpo zentzua galtzen duen horietako talde baten aurrean gaudela. Ez, erratuta gaude! Hastapenetako izena ez dute aldatu nahi izan, 90eko hamarkada erdian mutikoak zirela herriko Gaztetxean entseatzen hasi zirenekoa. Kontzertu gutxi batzuk eman eta taldea desegin zuten. Gerora, bigarren milurtekoan kontzertu solidario baterako itzuli ziren eta harrera itzela jaso zuten. Ordurako taldekideek Des-Kontrol, Jukebox, Cool Circus eta beste hainbat proiektutan trebatuta zeuden. Taldearen sorrerako punk musika eta jarrerari bidean landutako ezagutza gehitu izan diote. Hala, kantu berriak konposatu, lanen batzuk kaleratu eta tarteka zuzenean aritu dira, iaz taldea Never Surrender-eko Mikelekin sendotu eta taldearen jarraikortasunari serio heldu zioten arte. Horren emaitza da ‘Hil orduko bizi’ lana. Arrasateko label-ari men eginez, Oi! edo street-punka gero eta presenteago dago taldearen kantutegian (‘Seguiremos juntos’), baina taldearen bereizgarri nagusiak dira Hodeiren ahots urratua eta berorrekin ezinhobeto ezkontzen den punka: melodikoa (‘Gure arbasoak’, ‘Miles de cadaveres’), Señor No eta Commando 9mm-ren familiakoak (‘Escupiré al cristal’), Alemaniako punkaren ondarea dutenak (‘Ez gaude denok’) eta Cicatriz zein Vomito zainetan daramatenak (‘Hil orduko bizi’), besteak beste. Hori guztia ia bizitza propioa duten gitarrek jantzita. Funtsean, taldeak jakin du batzen 80ko hamarkadako punkaren ondare garratza, Arrasaten Oi! eta lagun artean punkiek abesteko tradizioa, Alemaniako punkaren malenkonia egiazkoa eta punk-rock-and-rollaren gitarra adierazkorrenak, amorrua kanalizatzeko modua aberastuz eta gaurkotuz. Hitzei dagokionez, euskara eta gaztelania tartekatuta, bankuak, polizia eta ustelak eztandarazi nahi izateaz gain, Iñigo Cabacas, euskal presoak eta arbasoak gogoan izan dituzte.