Helduagoak garenok askotan galdetzen diogu gure buruari gaur egungo gazteak non ibiliko ote diren, zer egiten duten eta zerk motibatzen dituen. Are gehiago, ziurtzat hartzen dugu iraganeko kontuek, lurrak eta sustraiek ez dietela batere axola. Bada, 2014an Bilbon, unibertsitate giroan, topo egin zuen seikote lagun talde honek erakutsi digu gazteek badutela bizi-poza, motibazioa, parranda gogoa, ekimentsuak direla eta lurretik, tradiziotik zein gure historiatik edanda, gaurko eguna eta etorkizuna eraikitzera gogoz eta indartsu datozela. Oharkabean izan zen herri desberdinetatik datozen sei gipuzkoar hauen taldearen sorrera. Ostegun iluntzetako trikipoteoan elkar ezagutu zuten eta musika eta parranda uztartzeko asmoz taldekide batzuk parte ziren Eguenero elektrotxarangaren inguruan batzen ziren. Berez guztiak zetozen musikaren ertz oso desberdinetatik eta indarrak batzea erabaki zuten: Josune Arakistain, trikitilari eta ahotsa, birritan izan da Euskal Herriko Trikitilari Gazteen txapelduna eta plazarik plaza ibili da urte askotan. Uxue Amonarrizek, pandero jole eta ahotsak, ere eskarmentua dauka plazatan. Aitor Huizi, biolin jolea, herri-musikaren bueltan ibili da beti. Aitzol eta Inhar Eskisabel, gitarra eta baxua, Indarra taldean aritu ziren. Eta Peru Altube, bateria jotzailea, Garraxi eta The Potes taldeetako kidea da. 2016ko martxoaren 8an egin zen ezaguna taldearen izena, agertokira igotzeko hautua egin zuten lehen emakumeei zuzendutako 'Harro gaude' kantuari esker. Eta gero etorri da sare sozialetan zabaldutako 'Aldapan gora', arrakasta handia erdietsi duena. Lehenak sehaska kantu eta folk zeltan hartzen du atseden; eta bigarrenak, berriz, folkak blaitutako ska-rock bizi eta positibotik hartzen du energia. Aipatutako bi piezez gain, beste 10 kantu grabatu dituzte Higain estudioan Haritz Harreguyren gidaritzapean. Ha~a,gazteriaren artean -bai behintzat- lan luze hau entzuteko jakin-min handia dago eta ez da gutxiagorako: desparpajoa dute, melodiak landu dituzte, bizitzeko gogoa transmititzen dute eta tradizioa pop-arekin, rockarekin eta ska doinu dantzagarri eta bizi-biziekin batzen dute. Diskoa zabaltzen duen 'Iñundik iñoare'-k erromeriarako eta parrandarako gogoa pizten du hasiera-hasieratik, akelarre alaia da. 'Kalabazak' kantua pop-rock alaia da, oso itsaskorra; eta dagoeneko ezaguna den 'Aldapan gora'-ren ostean, Maixa eta Ixiarren eskolako 'Ipuinetan' kontakizun gogoangarrian ere murgilduko gaituzte. Horren ostean, 'Zarako apretak' valsarekin arnasa hartuko dugu, 'Herri unibertsitatea' biolinak aberastutako skarockaren aurretik. 'Hautsetatik' pop-rockeroak badu zorren bat Sorotan Bele zenarekin. 'Gauerdiko biolinak', berriz, oso tenpo eta giro desberdinekoa da: Sarrionandian poema batzuk lekuko rockean dauka oinarria eta sarkorragoa eta ilunagoa da erabat. 'Gaztetxeak bizirik' trikiz jantzitako ska-rocka da, seikotearen lerrokadan. Eta 'Harro gaude' kantu hunkigarriaren ostean, 'Beste bat' dator, erromeria eta folk zelta batzen dituena. Bukatzeko, 'Parent(h)esiak' ederrak gehiago du folk leun eta goibeletik, guztia ez baita jaigiroa