Mundua galbidean doa, gizakia garapen eroaren bila itsututa ingurumena etengabe suntsitzen dabil eta baliabide guztiak agortzen doaz. Bizi dugun lurra basamortua izango da laster, ez da inon uztarik jasoko. Agian lehorte horregatik eta dagoeneko 2013an (‘Bidegurutzean’ lanarekin) Elorrioko talde honek bizi izan zuen aldaketa prozesuagatik, laukoteak iraganeko hardrock-rock-and-roll exhibizionista ia erabat lurperatu eta bere barnera zein lurrera arreta gehiagorekin behatuta jokatzen dihardu. Lasai, ez dira erabat hippieak bihurtu, baina hitz existentzialistagoak –hil ala bizikoak- idatzi eta stoner doinuetan are eta gehiago sakondu dute. Libelulak indarra hartzen du berotan, muturreko egoeratan eta halabeharrez burua altxatu beharra dagoenean; era berean, gai da distantzia luzeei zein askotariko oztopoei aurre egiten irmotasunez. Hala jokatu du Sermonds taldeak iraupen ertaineko lan berri honetan, iraupenean bertan ere harira joz, gehigarririk gabe. Riffak landuak dira, stoner oinarria sendoa eta eraginkorra, gizarrak eskuzabalak –horretan ez dira inoiz aldatuko- eta ahotsa tenpo eta erregistro zabalagokoa. Bada ‘Deiadar’ moduko hard-rock-and-roll baziloirik; stonerra eremu zabalagoetara eraman ahal duen ‘Libelula’, behe-soinuak eta lelo borobilak dituena; errepiderako ‘Mila zaldi ero’ eta gogoz landutako ‘Alde iluna’, besteak beste.