Duela bi urte kaleratutako Ahots gabekoen ahotsa (2012) diskoaren ostean, Skakeitan inoiz baino indartsuago dator bere azken lana aurkeztera. Orekariak (2014) Usurbilgo Higain estudioetan Haritz Harreguyren gidaritzapean grabatu eta nahastutako hamar abestiz osatuta dago, besteak beste, ska, rock eta reggae doinuak uztartzen dituztenak. Entzuten hasi orduko nabari da eboluzio bat jasan dutela Ahots gabekoen ahotsa diskotik hona. Soinu aldetik, aldaketak agerian daude: drum&bass erritmoak, rock-aren presentzia uka ezina eta swing ukitua duen kantarenbat ere aurki ditzakegu, besteak beste. Bai bateria erritmo irmo eta sendoek eta baita jorratzen dituzten estilo aniztasunak ere bizitasuna ematen die abestiei, baxuak hauen jarraian doaz erritmoa eta melodia uztartuz. Bestalde, gitarra-konponketa landuek izaera handiagoa ematen diete kantuei. Hammond soinuak askeago nabaritzen dira eta sintetizadoreen ukitua ere haut eman daiteke. Haize sekzioak kolore eta intentsitate berezia ematen die doinuei, eta nahiz eta kopuruan aurreko diskoan baino soilagoak izan, konponketak oldarkorragoak izan dira oraingoan. Azkenik, Ahots gabekoen ahotsa diskoan baino zertxo bait bortitzagoak diren koroak sartu dituzte energiaz beteriko ahots nagusi baten gidaritzapean. Abestien hitzekiko, azaleratzen doazen gaiak anitzak izanda ere, erro amankomun bat mantentzen da: oreka. Gatazkaz josita aurkezten den errealitate batera egokitzeko saiakera bat da, zuria eta beltzaren arteko ibilbide batera gidatzen gaituen zamalkatze bat, non mugimenduan egotea aurrera jarraitzeko tresna ezinbesteko bilakatzen den. Diskoa indartsu hasten da eta esaldi irmo batekin aurkezten ditu lehen pausoak: Ez dute aurkitu erantzunik noraezean dabiltzan galdera herren horiek.Hortik aurrera, egoera eta errealitate ezberdinei aurre egingo die pausoz pauso, beraien traba guztiekin. Jendartetik eratorritakoarazoen eta barne borroka pertsonalen arteko etengabeko balantzabat da, bertako protagonista aldi oro ezbaian jartzen dutena. Zertzelada ezberdinen ondoren, atmosfera lasaiago batean kokatzera daramaten doinu batzuk aurkezten zaizkigu eta zalantza guztiekin errekontziliatu, onartu eta hauekin aurrera jarraitzeko bultzada bat sentitzen da, erroak apurtu, polaritateen bizikide bilakatu eta aurrera egiteko deia. Kolaborazio aldetik bisita ugari izan dituzte oraingoan: besteak beste, Juantxo Arakama, Glaukoma taldeko abeslariak ekarpen garrantzitsua egin du diskoa borobiltzen duen abesti homonimoan. Lehenago Des-kontrol taldean ibilitako eta egun Arkada social taldeko abeslari eta baxujole den Hodei Beitia ere izan dute Ohorezko landak abestiari indarra emanaz. Tio Calambres musikari madrildarrak Armiarmagorria kantari bere ukitua eman dio rap doinu itsaskorren bitartez. Bestalde, azpimarratzekoa da Noraino abestian Beñat Gaztelumendiren laguntza izan dutela letraren sorrerarekin, aurreko diskoan Donostiako Piraten X. urte urreneko Munduberri baten mapa abestian bezalaxe. Bertan jorratzen dira gure baitan dauden kanpo eta barne mugen arteko hariak, italiarrez abestutako hitzek ikuspegi ezberdin bat ematen digute gure izaera eta ikuspegiei buruz. Portadari dagokionez, Bartzelonako Carlos Undergroove aka Dabunker diseinatzailearekin kontatu dute, Fermin Muguruza, Kaotiko edota Revolutionary Brothers bezalako artistekin ere lanean aritu izan dena.