Jakina da itsasoak berak nahi duena eraman eta ekarri egiten duela; eta ezagun da baita ere itsasora begira bizi direnek kanpotik asko jasotzen dutela: ona eta txarra. Era berean, azala eta batez ere izaera gogortzen zaie. Lekeitioko sei gazte hauek itsasoa zainetan daramate arbasoen arbasoetatik, eta hark eman die olatuek kostaldeko harrien kontra borrokatzeko pareko griña. Ez hori bakarrik; baita ere, hain urrun eta aldi berean hain gertu daukagun Irlanda eta bere ospakizun, negar eta guda musika, erraietakoa, folka alegia. Odol gazi berria heldu da itsas bazterrera, gelditzeko asmoz. Saxo, whistle, soinu, armonika eta ohikoagoak diren rock instrumentuez lagunduta, folkean oinarritu eta beste hainbat estilo lantzeko gai izan dira lekittarrak. ‘Piraten matxinada’ izenpean, marinelek taberna zaharretan etsaiak lumatzen dituzten gisa abesten dute, garagardo pitxarra eskutan, distantziak eragindako negar malkoa ia agerian, baina laguna besarkatuz adorea airean. Folka malenkonia eta adorea da, herriaren kanta delako, eta hala sentitzen dute hauek ere. Baina Hertzainak-eko Garik antzina abestuko lukeen parera edo The Solano´s gogora ekarriz, euskarazko rock biziarekin ere eztarriak urratzeko gai dira. Disko hau atontzeko eta, tarteka, kantuei country,punk-rock, ska, reggae eta bestelako janzkera jartzeko, luxuzko gonbidatuak izan dituzte lehen disko luze honetan: Fiachras-eko Haritz Artola, Audience taldeko Ager Isunza, Delirium Tremens-eko Andoni Basterretxea eta Skakeitan taldeko Olatz Salvador, besteak beste. Hitzetan ere malenkoniaz gain, (auto) kritika zorrotza egiten diete beraien buruei eta herri honetakooi lasai bizitzen uzten ez dizkiguten hainbati eta hainbati, metafora eta esaldi irudimentsuak erabiliz. Gainera, omendu nahi izan dute herrikide zuten Ume Gaiztuak taldea, gaur egun idatzia dirudien ‘Espekulazioa’ kantua gogora ekarriz. Bitartean, McOnak-ekoek abesten duten bezalaxe, “Heriotzak harrapa gaitzala berarekin dantzatzen”…