Gauza asko aldatu dira musikaren alorrean, ugari: hiri-tribuak biderkatu eta horien presentzia irmoa ahuldu da, musika beste modu batean kontsumitzen da, beste balio bat dauka, muturreko jarrera eta konbikzioak arindu dira, musikak ez ditu ia inoren esperantzak ordezkatzen... Onerako edo txarrerako jokoaren baldintzak asko aldatu dira. Baina zorionez badira Arkada Social taldearen gisako salbuespenak, inongo hedabideetan promoziorik egin aurretik eta diskoak apenas saltzen diren garaietan beraien azken lanaren lehen tirada berehala agortu dutenak. Betidanik ezagutu ditugu Arrasate inguruan jaio, ondo pasa, ondo pasa eta gero hazi eta hil egiteko asmotan sortu izandako taldeak; eta horien artean nabarmendu dira punka eta (batez ere) Oi! estiloa aukeratu dutenak. Beste inon halako eszenarik ez zegoen bitartean, Arrasaten hala irauten zuten ekosistema propioan elikatuz. Eta, halako batean, Euskal Herrira zabaldu eta gazte zein ez hain gazte den jende asko 'harrapatu' zituzten horietako gutxi batzuek, tartean Arkada Social taldeak. Arkada Social 90eko hamarkadan sortu zen, baina berehala desagertu eta bigarren milurtekoan itzuli zen agertokietara. Ordutik kontzertuak eta zaleak biderkatuz joan dira, eta hirugarren lan honekin erakutsi dute ez direla ezertxo ere aldatu ezta bigundu. Hamar kantu propio batu dituzte eta bukatzeko lagunak dituzten The Casualties-en 'We are all we have' bertsioa opari. Alemaniako punka -indartsua eta melodia sarkorrak dituena-,77ko punka, Arrasateko marka den Oi! estiloa, punk-rock kañeroa eta erabat askeak diren gitarrak dira laukotearen eskaintzaren osagarri nagusiak. Horien artean nabarmentzekoak dira faszistak akatzeko 'Que os jodan', Rat-Zinger taldeko Podrik idatzia eta abestua; 1936tik hona justizia egin nahi duen 'Perros amaestrados' ildo antzekoa duena, Non Servium taldeko Ivik eta Karlitosek idatzi eta parte hartutakoa; Oxymoron eta Bad Co. taldeetako abeslari Suckerrek sortu eta abestutako 'My fuel' patxaranari buruzko promo-kantua; eta RIPeko Jul Bolinagaren omenez idatzitako 'Bost whiskey' stiff-little-fingerreroa.